XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ROSA - Ai, Ama Birjina, nire altzariak beren kasa aldatzen direla lekuz... itzuli hona!

Pertini presidenteak?

KOMISARIA - Terrorismoaren nazioarteko saindutegiez hitzegin zuenean?

ROSA - Oraintxe esan duzu. Nahikoa izan zen aipamen lauso bat, eta ikusi al zenuen nolako iskanbila sortu zen? Gutxiz ez zuen leher egin hirugarren mundu-gerrak! Amerikarrek Ekialde osoa salatzen dute, terrorismoaren erroak Errusian daudela zin egiten dute, errusiarrek aitortzen dute CIA-k hil zuela Aldo Moro, frantsesek ba omen dituzte frogak Ghadafiren libiarrak mokordoan sarturik dabiltzanekoak, alemaniarrek palestindarrei leporatzen diete errua...

Gero, Parlamentuan egundoko ekaiztea lehertu zen: komunistak eta sozialistak, beti bezala, elkar salatzen eta driskilatzen aritzen dira eta besoak gurutzaturik geratzen dira. Eta bukatzeko, errepublikarrek erreferenduma aldarrikatzen dute herio-zigorraren alde. Istilu guzti hau sortu bada, gure Presidente maiteak izen-deiturarik eman ez zuelako izan zen. Beldurra sartu zitzaion!

Terrorismoaren goi-zuzendaritzaz hitzegitea arazo gogorregia da berarentzat ere. Eta zuk, hala ere, Don Kijoteren eginez ibili nahi duzu bizitzan zehar... (Komisariak parte hartu nahi du, amorru bizitan). Ongi da, zuk nahi duzuna, behin eta berriz eskatzen baduzu, prest nago, hitzegingo dut! (Agente bati) Prest al zaude azkeneko aldiz idazteko? (Beste bati) Eta zu azkeneko aldiz grabatzeko? (Komisariari) Eta zu azkeneko aldiz entzuteko?

LUZIA - Aizu, Rosa, barkatu baina ni ospa egitera noa. Badira jakin nahi ez ditudan gauza batzu. Sentitzen dut, baina ez daukat bizkarrean tiro bat hartuta hiltzeko gogorik (Badoa).

ROSA - Zoaz, zoaz, azpisuge zirrilda hori!

AGENTEA - Barkatu komisaria, baina nik ere alde egin nahi nuke...

KOMISARIA - Nora?

AGENTEA - Ba... ardura ez badizu, bukatua dut neure zerbitzualdia, eta neure emazteari medikuarengana joaten lagundu behar diot...

BESTEA - Ni ere bai, komisaria. Handitu egin zait hagin hau, eta dentistarengana joan beharra daukat...

KOMISARIA - Koldar pilo ederra zarete zuek! Ahoan ez baina ipurdian daukazue zuek handitua! Oilobustiak, euliak, kikilak halakoak!

(Altzariak ere erreskadan jartzen dira alde egiteko).

BI AGENTEAK - (Aho batez) Arrazoia duzu komisaria, baina ezagutuko duzu honela bizia arriskatzea, jakin gabe, edota hobeto esateko jakin beharko ez liratekeen gauzak jakitearren bakarrik... (Badoaz, altzari-espioi guztiak atzetik dituztela).

KOMISARIA - Sasikume bortak, besterik ez zarete. Zoazte, zoazte nahi baduzue. Utikan! Aide denok, altzariak ere bai!